-
Gastu-aurrekontuaren sailkapen organikoa
Gastu-aurrekontuaren sailkapen organikoak gastua udalaren zer unitate organikok kudeatzen duen jakinarazten du, hau da, zer arlo edo zerbitzu den hura gauzatzearen arduraduna. Sailkapen hori aukerakoa da.
-
Gastu orokorretarako diruzaintzako soberakina
Gastu orokorretarako diruzaintzako soberakina aurrekontuaren likidazio-egoeraren zati bat da, eta eragiketa honetatik ateratzen da: kobratu gabe dauden eskubideen batura (ekitaldi berekoak eta aurrekokoak) gehi diruzaintzako funts likidoak ken ordaintzeko dauden kredituak (ekitaldi berekoak eta aurrekokoak). Magnitude horrek ez du diruzaintzako soberakinik adierazten, aitortutako eskubide guztiak kobratuko balira eta aitortutako obligazio guztiak ordainduko balira (aurrekontukoak zein aurrekontutik kanpokoak) lortuko zatekeen emaitza likidoa baizik, eragindako finantzaketa-desbideratze positibo metatuak kontuan hartuta betiere.
-
Hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zerga
HLBGZ tributu zuzena da eta lurrek izandako balio-igoera kargatzen du pertsona bat etxebizitza, aparkaleku, trasteleku, lokal, lursail eta abarren jabea izan den bitartean. Etxebizitza, garaje-plaza, trasteleku, denda, etxe eta abarrak saltzen dituenak ordaindu behar du zerga hori, jabea izan den bitartean lurrak izandako balio-igoeragatik. Oinordetzaren edo dohaintzaren kasuan, jabe berriak ordaindu behar du zerga. Udalak egiten du zergaren kudeaketa osoa.
-
Kontribuzio bereziak
Udalak obra publikoak egiten dituenean edo zerbitzuak ezartzen dituenean eta herritarrek haietatik onurak ateratzea edo ondasunen balioa handitzea lortzen dutenean, kontribuzio bereziak eska daitezke.
-
Ondasun higiezinen gaineko zerga
OHZ udal-zerga bat da, zuzena, erreala, objektiboa, aldizkakoa eta nahitaezkoa, eta ondasun higiezinen balioa kargatzen du. Ondasun higiezin edo jabetza ororen jabeek, gozamendunek edo emakidadunek ordaindu behar dute zerga hori (etxebizitza, garaje-plaza, trastelekua, denda, etxea, bulegoa, etab.). Zerga horren kudeaketa batera egiten dute udalerriak eta Estatuko Zerga Administrazioak.
-
Ordaintzeko batez besteko epea
Ordaintzeko batez besteko epea izeneko adierazleak hornitzailearen kargu-ondasunak entregatzen direnetik edo zerbitzuak ematen direnetik eragiketaren ordainketa materiala egiten den unera arte igarotzen den epea neurtzen du. Indarrean den araudiaren arabera epe hori 30 egunekoa izango da gehienez.
-
Tasa eta prezio publikoak
Udalak herritarrentzat bereziki onuragarriak edo interesgarriak diren jarduerak egiten dituenean, tasa edo prezio publikoak eska ditzake. Tasa bat ere eskatuko du partikular baten alde bide publikoaren aprobetxamendu berezia gertatzen denean. Tasa eskatzen den ohiko jarduerak dira, adibidez, zaborrak biltzea edota hirigintzako lizentzia edo ibia ematea. Jabari publikoari edo Udalak egiten duen zerbitzu edo jarduera bati onura ateratzen dion pertsonak ordaindu behar du tasa. Udalak zehazten du ordenantza fiskalen bidez tasaren zenbatekoa. Tasa baten eta prezio publiko baten arteko aldea hau da: Udalak bakarrik ematen dituen zerbitzuetarako ezartzen da tasa (ibiak, adibidez), eta prezio publikoa, berriz, enpresa pribatu batek ere eman ditzakeen zerbitzuetarako erabiltzen da (kirol-instalazioetarako sarrerak, haur-eskolak, etab., besteak beste).
-
Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga
Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga (TMIZ) tributu zuzena da, eta bide publikoetan zirkulatzeko gai diren ibilgailuen titularitatea kargatzen du. Alta emanda dauden ibilgailuen jabeek ordaindu behar dute urtero zerga hori. Udalak egiten du zergaren kudeaketa osoa.
-
Udal-aurrekontua
Udalaren aurrekontua Osoko Bilkurak onartutako dokumentua da, ekitaldian gehienez egingo diren gastuak eta aldi horretan eskuratzea aurreikusitako diru-sarrerak zehazten dituena. Toki-erakunde guztiek urteko aurrekontua nahitaez onartu behar dute aurreko urteko azken hiruhilekoan. Era horretan urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean onartuta eduki behar dute aurrekontua. Nolanahi ere, urtearen hasieran aurrekontua onartu gabe badute, araudiak dio automatikoki luzatzen dela aurreko ekitaldikoa.
-
Zor bizia
Finantza-erakundeekiko epe luzeko maileguen eta abalen ondorioz udalak ordaindu gabe duen zor osoa da zor bizia, hau da, amortizatu gabe dagoen kapitalaren eta sortutako interesen arteko batura.